
Udalak Teileriako bateltokiaren berritze lanak egingo ditu
Murueta Bateltokiaren pantalana eta atrakalekuen segurtasun baldintzak hobetuko dituzte; irudi estetikoa ere aldatuko dute.
olaia zabalondo
Muruetako Udalak Teileriako bateltokiaren berritze lanak hasiko ditu. Jabier Ondarza Muruetako alkatearen esanetan, «udarako bateltokian egin behar ditugun berritze eta konpontze lanak martxan izatea espero dugu».
Batez ere, pantalana eta atrakalakuen segurtasun baldintzak hobetuko dituzte. Horrez gain, berritze lanak aprobetxatuko dituzte, gaur egun bateltokiak agertzen duen irudi estetikoa ere aldatzeko. «Gaur egun bateltokiaren inguruneak eskatzen dituen egokitasun mailara egokitu behar dugu», dio alkateak.
Proiektu handi bat
Bateltokia konpontzeko egitasmoa proiektu handi baten dago jasota, eta bateltokia konpontzeko ahaleginak aspaldi ari da egiten Udala, Ondarzak berak azaldu duenez. Bateltokiaren berritze lanak `Teileria inguruaren berreskurapen kultural eta anbientala´ proiektuaren zati bat da.
Lehenengo eta behin, Muruetako Udalak arloak erosi zituen. Behin arloak izanda, tximinia sendotu eta konpondu zuten eta geroago tximini ondoak atondu. Hurrengo pausoan, buztinezko arrobia eta arboladia egokitu zituzten. «Orain bateltokiagaz jarraitu behar dugula uste dugu. 2008.urte amaierarako proiektua osotasunean bete nahian gabiltza».
Historikoa eta tradizionala
Teileriako Bateltokia, nahiz eta txikia izan «Urdaibaiko itsasadarrean historikoa eta tradizionala» dela azaldu du Ondarzak.
1850etik aurrera Bateltokia dokumentatuta agertzen da Murueta eta Gautegiz Arteagaren arteko batel-pasaia betekizunetan. Bi urterik behin, Muruetako elizpean Gautegiz Arteaga eta Muruetako ordezkariak pasai horren enkantea antolatzeko batzen ziren. Herri enkantea izaten zen. Batel arduraduna herri enkantean diru gehien ematen zuena izaten zen. Behin enkantea eginda, bateldunaren eta udal bien arteko hitzarmena sinatzen zen. Hitzarmen horretan, bateldunaren betebeharrak, ordutegia, erantzukizunak, garraio prezioak... zehazten ziren.
Muruetako Teileria eraiki zutenean, Gernikatik Sukarrietarako (geroago Bermeora arte) trenbideagaz, batel pasai horrek joan-etorri handiak hartu zituen. «Gainera, herritarrek Matarteko ihitzetan egiten zituzten lanetarako batelak bertan izaten zituzten».
Azken bi hamarkadetan udalen parte-hartzea eta eskumenak ondo argitu barik gelditu dira. «Hala ere, orain, Muruetako Udalak konpontze lanak bere gain hartu ditu eta bateltokiaren kudeaketa gure esku hartu dugu. Udarako konpontze lanak martxan ipintzeko asmoa dugu».
Teileriako Bateltokiaren egitasmoa Muruetako Udalaren sustapen eta zuzendaritzapean bideratuko dela azaldu du Ondarzak. Eusko Jaurlaritzako Industri eta Meatzak Sailaren eta Urremendiren diru laguntzak izango dituzte.
############
«Bateltokia historikoa eta tradizionala da Urdaibaiko itsasadarrean»
jabier ondarza
Muruetako alkatea
############
############
Eusko Jaurlaritzaren eta Urremendiren diru laguntzak izango dituzte konpontze lanetarako
############
Hitzaldia
Kepa Dieguezen hitzaldia
BERMEO, Nestor Basterretxea aretoan - 2008-12-02
Erakusketak
Euskara elkarteen erakusketa
Aukeratu Herria, Kultur Etxea - 2008-11-28
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.